XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sarrera

Euskal Zuzenbidetzat zer jo behar den eztabaidatzen hasi gabe, argi dagoena da aurreko mendean ezabatu zen Foru-Sistema Euskal Zuzenbidea zela.

Foru-Zuzenbide hura gehienbat euskal tradizioetatik eratorritakoa zela aski frogatua izan da;

herriak berak, usario eta ohituren bidez, arau-sistema bat sortu zuen.

Hain zuzen ere, Probintzia bakoitzak bere arau propioak zituen, lurralde bakoitzeko gizartea arautzen zuen sistema berezia, nahiz eta hasiera batean funtzionatzeko zuen askatasuna oso murriztua geratu bere izatearen azken aldian.

Hortik abiaturik, eta Zuzenbidearen zatiketa nagusia kontuan izanik, araudi hartan ere bi arau-mota zeudela esan genezake: Zuzenbide Publikoa osatzen zuten arauak, eta Zuzenbide Pribatua osatzen zutenak.

Kontuan izan behar da baita, arau batzuk idatziz jarriak eta beste batzuk ohitura bidez mantenduak izan zirela.

Laburpen orokor hori onarturik, nahiz eta, jakina, bertan matizazio asko egin daitezkeen, kontua da arau-sistema hartako Zuzenbide Pribatuko zenbait erregela indarrean dauzkagula gaur egungo euskal gizartean.

Foru haietatik geratzen zaigun aztarnarik adierazgarriena eta nagusiena Foru-Zuzenbide Zibila dugu.

Esan daiteke Zuzenbide Publiko osoa ezabatua geratu zela, eta haren ondoren sortu ziren beste erakundeak, esaterako Kontzertu Ekonomikoak, jatorrizko Foru-sistematik kanpo sortutako beste erakunde-mota batzuk direla;

indarrean jarraitu zuten arauak Zuzenbide Pribatukoak izan ziren 1. Inquieta quizá menos la variedad de las fórmulas de relación de la sociedad civil que la dispersión del poder político (Monreal 1986: 60). soilik.

Ikuspegi horretatik, Euskal Zuzenbidearentzat oso garrantzitsua da Foru-Zuzenbide Zibil hori, bere baitan euskal izpirituaren islada eta euskal tradizioaren mamia aurkitzen baita.

Ez da alferrik esaten, bestela, herri baten berezitasuna frogatzen duten ezaugarriak bere hizkuntza eta bere erakunde juridikoak direla.

Lan honen helburu apala, gaiaren aurkezpen soil bat egitea da, eta Gipuzkoako kasuaren eremuan.

Horrela, gaia gizarteratze-lanetan laguntzeko bultzada izan nahi du.

Ez dirudi euskal gizartea, oso sentikorra hainbat arazoren aurrean, gai honek duen garrantzi bereziaz konturatu denik;

ez da somatzen behintzat beste lurralde batzuetan (Katalunia eta Aragoa esaterako) agertu den ardura eta Zuzenbide Pribatuko erakunde zibil propioak bultzatzeko gogo bizia.

Kontzientzi falta hori ez da gizartearena bakarrik.

Euskal historia aztertzen dutenek ere aitortu dute jadanik Zuzenbide Pribatuari ez diotela jaramon gehiegirik egin.

Duela hogeita hiru urte kezka hori agertu zuen Michel Unzuetak 1971n Bilbon egin zen Euskal Antropologiari buruzko II. Astean.

Gaurdaino behintzat alderdi publikoa izan da nagusi historigileentzat, eta horregatik gogorarazi behar da Euskal Zuzenbidearen alderdi pribatuaren garrantzia, bigarren mailara gaitzetsi gabe.

Konstituzioari eta Estatutuari eskaini zaizkien ihardunaldietan Zuzenbide Zibila bazterrean geratzen da.